|
|
|
FAMILIA-KONSTELAZIOAK
Gure arbasoen dohainak, gaitasunak, gaixotasunak eta historia geureganatzen ditugu.
Nahitaez, gure familia biologikoaren ondorengo gara, nahiz eta haiengandik milaka kilometrotara egon, nahiz eta gure guraso biologikoak ez ezagutu. Gure familia biologikoaren zelulekin osatuta gaude.
Gure ADNak 72 belaunaldiren bizipenak transmititzen dizkigu; horrenbestez, haien bizipen on guztiak dohain modura jasotzen ditugu, eta beste hainbat bizipen, berriz, eragozpen eta oztopo modura askotan, era dramatikoan; esate baterako, bazterketak, heriotza bortitzak, mendekotasuna, injustizia, abandonua...
Gaur egun badakigu aurreko norbaitek bizipen dramatiko edo bidegaberen bat izan bazuen, familiako kide gazteago batek, berak jakin gabe, ordezkatu egingo duela senitarteko hura; zorigaizto hura berdintzen saiatuko da, dela frakasoaren bidez, dela sufrimenduaren bidez, edo gaixotasunaren bidez.
Gure portaera eta erabakietako asko ikusten ez ditugun fideltasun edo zor batzuen ondorioz izaten dira:
Familia batean belaunaldi askotan gizonak mespretxatu egin badituzte, ondorengoengan gizon haiekiko fideltasuna agertuko da, tabako-, alkohol- edo droga-mendekotasun moduan.
Norbaitek ez badu bere kulpa bereganatu (kriminal batek, adibidez), ondorengo belaunaldikoak kulpa hura ordaintzen saiatuko dira, porrot, istripu edo gaixotasun larrien bidez, edo baita suizidioaren bidez ere. Norbait ahazten badugu, esate baterako hildakoren bat edo familiakoentzat lotsagarri izan den norbait, ondorengo batek haren lekua hartuko du, eta arbaso hark bizi izandakoa biziko du.
Zer egiten du terapia honek?
Familia-konstelazioen terapiari esker, ikusten ez diren eta askotan galgarriak diren familia-lotura horiek atzeman eta sendatu ahal ditugu.
Familia-sistemarentzat –bezeroarentzat eta familiako gainontzekoentzat- benetan lasaigarria da ahaztutako senitartekoei beren lekua egitea; harremanak berriz ordenan jartzea, eta arbasoak errespetatzea, egin dutena egin dutela: gauzak diren bezala onartzea, azken batean.
Behingoz, ikusi eta ulertu egiten ditugu gure bizitzan behin eta berriz izaten ditugun arazoak, zein den ezin atera gaitezkeen gurpil zoro hori, eta, maitasunez eta errespetuz, askatzeko prest gauden kateetatik libratzen gara.
Zertan oinarritzen dira familia-konstelazioak?
Bert Hellingerrek asmatutako familia-terapia sistemikoa, hau da, ‘familia-konstelazioak’, oso gauza sinplea da, eta, saio labur baten bidez, gure familiaren sistemari lotzen gaituen dinamika inkontzienteko sufrimendua senda dezakegu.
Familiakoak ez diren pertsona batzuek familia-egitura eszenaratzen dute, eta pertsona horien mugimenduen, sentipenen, emozioen eta esandako gauzen bidez, ikusi ahal da zein diren “arbasoenganako fideltasun eta zorrak”, eta hori guztia beste era bateko energia bihur dezakegu.
Analisi Transakzional, Gestalt, PNL, Hipnosi eta Talde Dinamikaren oinarriak baditu ere, tresna terapeutiko hau oso originala da, eta oso eraginkorra beste terapia batzuen bidez gainditu ezin diren arazoetarako, baina haiekin guztiz bateragarria. Alemanian eta Estatu Batuetan 80ko urteetatik da ezaguna.
Terapia honen ekarpenak
Maitasuna da gure portaera guztien eragilea.
Belaunaldien arteko lotura dramatikoak bultzatzen du norbait, guztiz oharkabean eta maitasunagatik, baztertuaren patua, sentimenduak, gaixotasunak... bereganatzera. Edo norbait modu inozoan heriotzatik salbatzera, haren ordez norberaren biziari uko eginez, ezbehar, gaixotasun eta abarren bitartez. Edo zigorrik gabe geratu zen kalteren bat ordaintzera, bizimodu zail eta gogor baten bitartez.
Bizitzako indarra eta ongizatearen iturria arbasoenganako errespetuan oinarritzen dira.
Metodoari dagokionez: familiakoak ez diren pertsona batzuek familiako kideak errepresentatzen dituzte, eta, hala, senitarte horretako loturen dinamika zein den sentitzen dute beren gorputzean.
Norentzat da?
Konstelazioa egin ahal dugu
- gure bizitzan zerbait ondo ez dabilela sentitzen badugu
- mugatzen gaituzten sentimenduak edo izaera-ezaugarriak ditugula ikusten badugu - dagokigun lekuan ez bagaude, gure ahalmenak bete-betean erabiltzen ez baditugu, edo erabat bizi ez garela sentitzen badugu
- blokeoak, beldurrak eta fobiak baldin baditugu, baita ezbehar larriak eta gaixotasunak ere
- behin eta berriro oztopo bera aurkitzen badugu maitasunean, familian, lanean...
Nola egiten da?
Bere konstelazioa egin nahi duen pertsonak landu nahi duen gaia edo ondoeza azaltzen du, eta bere familiaren historia ere azaltzen du, labur-labur.
Ondoren, terapeutak esaten dio bertako jendearen artean batzuk aukeratu eta espazioan koka ditzala; horiek familiako kide batzuk ordezkatuko dituzte.
Familiako kideen ordezkatzaileak sentitzen dutenari adi egongo dira, eta hortik aurrera, isiltasunean, familia horretako barruko dinamika agerian geratuko da ordezkatzaileen mugimenduen eta sentipenen bitartez. Terapeutak familia-konstelazioaren bilakaera gidatuko du, eta, pausoz pauso, ordena, errespetua eta maitasuna berrezarriko ditu, harik eta blokeatuta dagoen energia askatu arte.
Horrek oso aldaketa sotilak baina sakonak ekartzen ditu; batzuetan, ikusgarriak edo bat-batekoak. Hilabete batzuetara, pertsonaren bizitzan aldaketa sakona gertatu dela suma daiteke; izan ere, behingoz bera den modukoa izan daiteke eta bere bizitza goberna dezake, aurreko belaunaldikoen aberastasuna, babesa eta maitasuna berekin dituela.
Nork egiten du?
Brigitte Champetier de Ribes, psikologo kolegiatua; PNLko Practitioner, Master eta Trainer’s Training; Society Of NeuroLinguistic Programming-eko kidea; Hipnosi Ericksondarreko Practitioner (New York I. of T. for NLP); Analisi Transakzionala; Psikosomatikoa; Espainiako Bert Hellinger Elkarteko kidea, eta B. Hellingerrekin berarekin trebatzen jarraitzen du; frantseseko katedraduna; Madrilgo Familia-Konstelazioen Institutuko zuzendaria, eta Frantzian, Espainian eta Euskal Herrian bertan prestakuntza eta psikoterapia lantegiak egiten ditu.
Bibliografía
De Bert Hellinger:
Pensamientos en el camino, Rigden Institut Gestalt 2006 Los órdenes de la ayuda, Editorial Alma Lepick 2006. El intercambio,Rigden Institut Gestalt 2006 Un largo camino, Rigden Inst. Gestalt 2006 Después del conflicto, la paz, Alma Lepick Editorial 2006 La punta del ovillo, terapias breves. Editorial Alma Lepick 2005. El centro se distingue por su levedad. 2003. Imágenes que solucionan, taller de constelaciones familiares, trabajo terapéutico Sistémico, B. Hellinger/ Tiiu BOLZMANN, editorial Paidos, 2003. Lograr el amor en la pareja. Herder 2001. Órdenes del amor, ed. Herder, 2001. Religión, psicoterapia, cura de almas, 2001. Reconocer lo que es, ed. Herder, 2000. Felicidad dual, B. Hellinger y su psicoterapia sistémica, De WEBER G.,Herder, 1999
|